Jokoz kanpo


KRITIKAK

Kaja hasten da

Jokoz Kanpo | Borobil Teatroa

 

Testosterona dago jokoan

 

Antzezlana: Jokoz kanpo

Data eta lekua: Lugaritz Kultur Gunea, 2015/06/14

Autorea: Mikel Pagadizabal, Nagore Aranburu eta Anartz Zuazua

Zuzendaritza: Anartz Zuazua

Antzezleak: Joseba Apaolaza, Asier Hormaza, Asier Sota

 

Jakin-min ia antropologiko batetik abiatuta, baina begiratu komiko

batez, futbolaren zirrikituetan barneratu da Borobil teatroa obra

honetan –tira, futbolaren dimentsio erraldoiaren parte txiki batean,

beharrez–; alegia, helduen jokaera umeen futbolari dagokionez.

Kuadrilla bereko bi gizon juzgatzen diren epaiketa batean hasten da

kontua, eta tragedia horretara ailegatzeko gertatutakoak

denborazko jauzien bidez kontatzen dira. Emanaldiak barra-barra

ditu umorea eta erritmoa, aktoreek daukaten esketxerako

eskarmentua antzerki formaturako egokiro baliatuta. Hamabost bat

pertsonaiari bizitza emateko lan bikaina egiten dute hirurek,

kantitatez eta kalitatez: pintzelkada txikiekin margotuta badaude ere,

tankera ederrekoak dira sortzen dituzten arketipoak.

Hori bai, obrak aurrera egin ahala, berehala ohartzen gara beste gai

bat azaleratzen dela, lehendabizikoaren ezinbesteko erregai bezala:

hain zuzen ere, arren arteko lehiakortasun primarioa. Hala,

futbolaren faunari buruzko erradiografia gizonkeria-tipologien

zerrendaketa zorrotza bihurtzen da.

Neuri behintzat argi geratu zait irabazteko premia zoroan jendeak

iparra galtzen duenean, futbola, berez, gutxienekoa dela.

Testosteronaren txotxongilo ganorabakoek berdin-berdin gurtuko

lituzkete bestelako kirol, jolas edo zirku jarduerak, potroen tamaina

neurtzeko aproposak balira.

Beraz, publikoan barre algarak eragiteaz gain, esan beharra dago

obra honek ez duela alferrik galtzen kritika plazaratu eta gogoeta

eragiteko beta; izan ere, erakusten diren gizarte-dinamiketan

norberak daukan ardurari deiturik bukatzen da lan borobil hau.

 

                                       2015ko ekainaren 17a | Jaime Valverde | Gara

ANALISIA

Kirola eta arte

eszenikoak

2015-06-30 / Agus Perez - Antzerki kritikaria

 

Osterantzean, Jokoz kanpo antzerki hutsa da, eta

futbola hartzen du aitzakiatzat gaurko gai batzuei

buruz hausnartzeko: lehiakortasuna, umeak kiroletan

neurrigabe xaxatzea, norberaren porrotak

ezkutatzeko nahia... Ikusten denez, gai potoloak

plazaratu ditu Borobil teatroak, baina sormen

kolektiboaren eraginez eta Anartz Zuazuaren

zuzendaritzapean, era aberasgarrian eta umore finez

tratatu dira, berez komedia zena gogoetarako

abagune bihurtuta. Planteamendu horretan rol

nagusia jokatu du Joseba Apaolazaren, Asier

Hormazaren eta Asier Sotaren clown/antzezle senak,

batez ere pertsonaien aldaketa azkarretan eta batbateko

barne-karakterizazioetan. Bestetik,

ezinbestekoak izan dira, antzezleen ibilbide ia

koreografikoak, eszenografia elastiko sormentsua eta

musikak soinu-efektuekin sortutako giroa.